
Hobeki Digitala programak hainbat laguntza neurri ezartzen ditu IKTak ezartzeko euskal enpresetan eta 2009an laguntza horiek jasotzeko 1.121 eskaera egin ziren. Horietatik %11 baino ez ziren ezeztatu eta, beraz, 995 onartu ziren. Aurkeztutako eskaeretatik %67 onartu ziren eta, termino ekonomikoetan, 4.900.000 €tik gorako laguntzak eman ziren, batez beste 4.398,20 € bideratu zirelarik proiektu bakoitzerako.
SPRIk kudeatzen duen ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Euskadi Informazio Gizartean (PESI 2010) Planaren barruan dago eta bere helburua da Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) barne prozesuak eta bezeroekin, hornitzaileekin eta administrazioekin dituzten harremanak IKTak erabiliz digitalizatzea, enpresa horien lehiakortasuna bideratzeko eta sendotzeko. Diru-laguntzak eman ahal izango dira IKTak Ezartzeko Planak gauzatzeko, baldin eta negozio prozesuak digitalizatzera zuzenduta badaude (marketin elektronikoa, produktuak elektronikoki salerosteko kudeaketa sistemak ezartzea…), eta baita ere enpresetan IKTak ezartzeko beharrizanen diagnostikoak edo planak egiteko, betiere erakunde edo enpresa espezializatuen bidez egiten badira.
SPRIk eskainitako datuen arabera, mikroenpresek (0-10 langile) egin zituzten eskaera gehien, %47 hain zuzen, eta atzetik jarraitzen diete enpresa txikiek (10-50) eskaeren %41arekin; enpresa ertainak (50-250), berriz, portzentaje horietatik oso urrun geratu ziren eskaeren %12arekin. Zerbitzuak, Merkataritza, Konponketak, Metalurgia eta Metalezko Artikuluen sektoreak izan ziren eskaera gehien egin zituztenak.
Lurralde historikoka, Bizkaia izan zen hiruretan aktiboena, Bizkaian egin baitziren eskaera gehien (%55); Gipuzkoan %33 eta Araban %12 baino ez. Proiektu motei bagagozkie, enpresek ondoko hauetarako laguntzak eskatu zituzten gehienbat: negozio elektronikoa, web proiektuak, Intranet/Estranet, merkataritza elektronikoa, e-marketina eta segurtasun edo zaintza teknologikoa.
Hobeki Digitala programako onuradun izan daitezke enpresa jardueraren bat egiten duten pertsona fisikoak, juridikoak eta ETEak, baldin eta egoitza soziala EAEn badaukate. Diru-laguntzak eskatzeko, SPRI/hobekidigitala-ren web orrian erregistratu behar da (www.spri.es/hobekidigitala) eta eskatutako dokumentazioa igorri, teknikariek azter dezaten. Eskaera onartzen bada, enpresak likidazioa eska dezake proiektu edo zerbitzuaren epea bukatu eta gauzatu ondoren. Horretarako, likidazio fasean eskatzen den informazioa eta dokumentuak igorri beharko ditu, teknikariek berriro ebalua ditzaten.
Laguntzak eskatzeko epea dagoeneko zabalik dago eta urriaren 15ean amaituko da. Hobeki Digitala programari buruzko informazio guztia Euskadiko Berrikuntzaren Atarian kontsulta daiteke:
Iturria: Spri
Data: 2010/02/26
Garatzailea: Nextel S.A.
© 2007 Bizkaiko Teknologia Parkea
Bizkaiko Teknologia Parkea
Teknologi Elkartegia, S.A. Ibaizabal bidea
101 Eraikina. 48170 Zamudio (Bizkaia)
Tel: 94 403 95 00 - Faxa: 94 403 95 10
parque-tecnologico@parque-tecnologico.net