Asteazkena, 2012ko otsailak 8

IT Txartela

Eusko Jaurlaritzako IT-Txartelari edo Informazio Teknologien Erabileraren Ziurtagiriari esker, momentuan eskura ditzakezu gainditutako ezagutzak egiaztatzen dituzten dokumentuak

Eusko Jaurlaritzako IT-Txartelaren edo Informazio Teknologien Erabileraren Ziurtagiriaren bidez egiaztatzen da pertsona batek tresna informatikoak eta Internet erabiltzeko ezagutzak dauzkala. Ziurtagiri hori duela 7 urte sortu zenetik 325.000 azterketa baino gehiago egin dira horretarako dauden 500 egoitzetan; gainditutakoen hileko indizea %50ekoa da eta dagoeneko 160.000 ziurtagiri baino gehiago eman dira. Esperientzia zabal horri esker, programako arduradunek erabiltzaileen beharrizanak identifikatu dituzte, gero eta praktikoagoa eta baliagarriagoa den tresna eskaintzeko.

Horren harira, www.spri.es/it-txartela web orriak irudi dinamikoagoa estreinatu du eta aplikazio berriak sartu ditu atarian, esaterako, gainditutako gaien ziurtagiriak momentuan eskuratzeko aukera. Aski da erabiltzailearen profilean sartu eta ESIk (European Software Institute) emandako baliozkotasun digitala duen ziurtagiria inprimatzea. Orain arte, ikasleak itxaron egin behar izan du titulu hori daukala ziurtatzen duen dokumentua jasotzeko. Gainera, komunikazioa errazten da enpresen, erakundeen eta langile izango direnen artean. Enpresa eta erakundeak azterketa egin duenaren Historial Publikoan sar daitezke "erabiltzailearen pasahitz publikoa" sartuta eta bertan ikus dezakete zein ziurtagiri dauzkan.

Atari berri honetan, gainera, azterketaren demo bat egin daiteke, erabiltzaileak aplikazioaren funtzionamendua ezagutu dezan eta momentuan bertan jakin ditzan egin dituen akatsak; erabiltzaile berri bezala ere erregistra daiteke; azterketa egiteko egoitzen eta daten zerrenda ikus daiteke eta erabiltzaileak behar duen informazio guztia aurki dezake: estatistikak, araudia edo lortu ditzakeen ziurtagiriak (sistema eragileak, ofimatika, Internet eta posta elektronikoa…).
Aplikazio horiek IT-Txartelaren helburuetako bat indartzeko eta luzatzeko asmoz sortu dira: lehenik eta behin, jakin nahi da hiritarrek zenbateraino ezagutzen dituzten IKTak (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) Informazio Gizartean eta horrela, enpresek eta administrazioek objektiboki ebaluatuko dituzte egun antolakundean lanean dauden eta etorkizunean egon daitezkeen pertsonen gaitasunak. Nolanahi ere, egoitzen sarean plaza libreak egongo direla (gehienak KZGuneak; baita ere ikastetxe publikoak eta pribatu homologatuak, HAEEren eta EHUren egoitzak) eta azterketak zorroztasun eta segurtasun baldintza onenetan egingo direla bermatuko da. Ildo horretatik, IZENPEk (Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek bultzatutako ziurtagiri eta zerbitzu enpresak) egiaztatzen du www.spri.es/it-txartela web orri segurua dela, balidazio hedatuko (EV) zerbitzari seguruaren ziurtagiriaren (SSL) bidez.

HAEE, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabili zuen lehenengoz ziurtagiri hori, funtzionarioek eginiko ofimatika ikastaroak baloratzeko barneko tresna gisa. Ordutik, HAEE erreferentziatzat hartuta, IT-Txartelak bere Ziurtagiri Sistema eskaini die Foru Aldundiei, Udalei eta Eusko Jaurlaritzako hainbat saili, lan deialdi publikoetan erabil dezaten.

SPRIk kudeatutako ekimen hau Euskadi Informazio Gizartean Planaren (PESI 2010) barruan sartzen da. Plan hori Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen elkarlanaren bidez sortu da, EAEko Informazio Gizartea garatzeko, IKTei buruzko ezagutzak bultzatzeko eta baita ere hiritarrak motibatzeko Informazio Gizartearen gaiari buruz gehiago ikastera eta beren ezagutzak egiaztatuko dituen ziurtagiria eskuratzera.

  • Iturria: Spri

  • Data: 2010/01/29


Garatzailea: Nextel S.A.
© 2007 Bizkaiko Teknologia Parkea

XHMTL

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea
Teknologi Elkartegia, S.A. Ibaizabal bidea
101 Eraikina. 48170 Zamudio (Bizkaia)
Tel: 94 403 95 00 - Faxa: 94 403 95 10
parque-tecnologico@parque-tecnologico.net